XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ELIZA-BERRI. Nausi ala zerbitzari

Ene bizian mintzaldi eta prediku zernahi aditu ondoan, aitortu behar dut badutala ainitz ahantzirik.

Bainan badira hantxe edo hementxe entzun ditudan hitz batzu, beti gogoan dauzkatanak.

Duela hogoi ta bost urte gazte batek erranaz, atzokoa balitz bezala orroit naiz.

Autoan ginoazin hogoi urteko laborari hura eta biak, Euskaldun gazteriaren bilkura batetarat.

Eta ez dakit batere nundik eta nola hortaraturik, bet-betan atera zautan: zuekin, apezekin, solas egiteko, gu deus ez gira. Zuek eskoletan ibiliak zirezte, mintzatzen ikasia duzue. Guk deus ez dakigu, gure erranek ez dute balio mikorik; azken hitza beti zuek duzue. Zuek zirezte beti nausi.

Ez zen batere gaixtakeriaz ari ene bideko laguna, eta bere konfientzia erakusten zautan, garbiki agertuz bere barneko mina.

Min hori bera, hain segur, beste ainitzek ere bazerabilaten beren baitan gorderik: gaztek, zuzen den bezala, beren bizia eskuetan hartu nahi, norbait zirela eta zerbaitetako on zirela frogatu nahi, bainan apezen larderiak eta arrazoinamenduek tapatzen eta itotzen.

Kontzientziaren etsaminatzeko gai bat hauta ukan nuen egun hartan.

Ezin ukatua, eskolak gaitzeko indarra emaiten duela: edozoin sailetan, jakitatearen jabe denak bere meneko dauzka deus ez dakitenak.

Gure solasa bazter guzietarat barreiatu gabe, hemen aipa dezagun bakarrik fedezko gauzen jakitatea. Hala da: apeza, bere karguari buruz preparatzeko, arizana da geldi-geldia bospasei urte gutienetik, filosofia, teologia, Liburu saindu eta gaineratekoetan.

Eta apeztu ondoan ere, aintzina jarraikitzen du.

Bainan ezin onartua litake, hola bildu jakitateaz baliatzen balitz, bere podorearen eta nausigoaren finkatzeko; ezjakinak diren jendeak mesprexatzen balitu eta haur batzu bezala erabiltzen; bere eskolaren ziliportez itsutzen balitu bere entzuleak, eta azkenean bere burua goratu nahiz besteak apaltzen.

Semenarioan eta handik landa ikasi dituenak, ez ditu beretako ukanak.

Liburu sainduen edo Eliza-erakaspenen ezagutza, ontasun balios baten pare dauzka eskuetan, ez berak bakarrik gozatzeko, bainan bestekin partekatzeko, bakotxari emaiten diola bere ahalen eta bere beharren araberako hazkurria.

Beren aldetik, girixtino guziek ere behar dute bilatu, fedezko gauzetan geroago eta gehiago argitzea.

Hortarako ez dira errextasunak eskas: badira laiko batzu, apezen eskola berak, mail gorenekoak barne, segitzen dituztenak; bainan hortara gabe ere, nornahiren meneko bada liburu, agerkari, mintzaldi, bildura eta holako.

Oraiko egunean, eskola doi bat behar du girixtinoak, bere fedean irauteko.

Bainan erran dezagun berehala, eskola ez dela aski.

Maiz gertatzen da, jakitate guti duen girixtino xume batzuek fedezko gauzak biziki barnagodanik senditzen dituztela, apez eta teologo distirant batzuek baino, bihotz umila zabalik baitago Izpiritu Sainduaren argiari.

Segur naiz, apez ainitz egon direla frangotan loriatuak, ohartuz jende apal eta ezjakin batzu Jainkoari zoin hurbil ziren, eta orduan orroitu direla Jesusen hitzaz: zeruko Aitak bere segeretuak jakintsuneri gordetzen diozkatela, eta haur ttipieri agertzen.

Bere ustez erakasle jarria zen apeza, askotan bilakatzen da ikasle.

Orduan konprenitzen du, Elizan ez dela nausi, bainan zerbitzari.

J.H.-U.